XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

RAMON DE ZUBIAURRE (1882-1969)

ONDARROA

Ondarroako Saturraran hondartzako labarrean lekututa, itsasoaren ikuspegi honetan kostalde bizkaitarraren eta gipuzkoarraren irudi bat eskaintzen digu, beronen lerroa goizeko lanbroen artean han urrunean nabari delarik.

Ikuspegi hau aukeratu izanak, ekialderantz begira, uretan isladatutako egunsentiko eguzkiaren argi distiragarriaren bidea harrapatzeko aukera ematen dio.

Horrela bada, kontraluz efektu batez ebakita, lehenengo planoetako haitz ilun eta zorrotzak, gaueko itzalak inguratuta oraindik, erabateko zehaztasunez eta garbitasunez azaltzen zaizkigu.

1903. urtean datatutako obra hau Ramón de Zubiaurre gazteak margogintzan egindako lehenbiziko lanetakoa da, mendearen amaierako hamarkadan Madrilen egin izan zuen ikastaldiaren ondorengoa.

Han, San Fernandoko Arte Ederren Eskolan ofizialki sartu aurrerik Cados de Haes margolari belgikarraren irakaskuntzaz baliatu ahal izan zuen, haren ikasle zen Jaime Morera leridarrarekin batera maisu honek Zubiaurre gaztearen hasierako interesa erraz bideratu zuelarik paisaiaren generoa lantzerantz, bere maisuek erakutsitako errealismo erromantiko berantiarraren aginduen barruan.

Haesen eragina begibistakoa da, bai ikuspuntua goizeko argi disdiratsuaren aurrean aukeratu izanagatik, horrela zeruan eta itsasoko uretan eguzkiaren argiak egiten dituen joko aldakorrak adierazteko aukera izanik, bai okre, urdin eta berdez osaturiko sare itxiaren barruan nagusi den erabilitako kolore nabarragatik.

Osotasunean paisaiaren deskripzio naturalistagatiko ardura handia erakusten du, errepresentazio zehatza egiteko joera azalduz batera, aurre-aurreko landareak begistatzean nabaria denez.